XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Legegintza-sistematikak sistemak hala eskatzen duelako, lege honetan oinarrizko legeriako edo Estatuaren aginpide osoko legeriako gai batzuk ere jaso dira.

Estatuaren aginpide osoko gai horiek berrikusi eta aldaketaren bat izaten bada, lege honetakoak ere automatikoki aldatutzat joko dira.

Gai horri lotuta, oinarrizko legeria aldatu egiten baldin bada, indarrean jarraituko dute bateragarriak diren aginduek edo Estatuko legeriako printzipio berriak gatazkarik gabe interpretatzea ahalbidetzen dutenek, Autonomia Erkidegoko legeria berariaz egokitzen ez den artean behintzat.

Berrikuntza nagusiak bi arlotakoak dira: hasteko, Iruzurrezko Publizitatearen Batzordeari zigortzeko ahalmena kendu egin zaio, Konstituzio Auzitegiak irailaren 19an emandako 146/1996 Epaian esaten dena betez.

Epai horretan esaten denez, legearen kontrako iragarkiak bertan behera utzi eta aldatzea jurisdikzioen eginkizuna izan behar da.

Bestetik, zigortzeko ahalmena, orokorrean, alkateen esku utzi da, herritarrarengandik gertuago dagoelako administrazio-organo hori, eta organo horrentzat errazagoa delako legean aurreikusitako betebeharrak betetzen diren edo ez kontrolatzea.

Dena den, zenbait kasutan zigortzeko ahalmena beste organo batzuen eskuetan egongo da, ondorengo egoeretakoren bat gertatzen baldin bada: jarri beharreko diru-zigorra organo horrek jarri ahal duena baino handiagoa baldin bada, edo arrazoi materialen bat baldin badago, esate baterako legez kanpoko jarduna udalaz gaindikoa izatea, edo, bestela, lurraldeak zerikusirik ez izatea, edo organo horrek (alkateak) kontrolatu ahal izateko arazo bereziak edukitzea.

Bukatzeko, oinarrizko araudiak dioena betetzeko, Gobernu Kontseiluaren eskuetan utzi da hamabost milioi pezeta baino gehiagoko zigorrak jartzeko eskumena, eta baita ere dena delako tegi, lokal edo enpresako jarduera aldi baterako ixtea, guztiz edo zati batean. Hori egiteko, zigorra nolakoa den izango da kontuan, eta ez arauhaustea nolakoa den.